Aparkatzen eta harpa jotzen
Adi irakurri behar didazue hau, mesedez, xehetasunei ongi erreparatuz. Gero zerbait esaten badidazue, lasaigarri edo argigarri, biziki eskertuko dizuet. Gaur gertatutako gauza da, eta egixe da, egixe da, neuk ikusi dodalako: %100 basque véridique!
Lantoki inguruan aparkatzera noa, eguerdi ondoan. Alboz albo edo baterian aparkatzen den toki horietako bat da, zuhaixka batzuekin: zuhaitz-arte bakoitzean bi auto sartzen dira zabalean; ez gehiago, ez gutxiago.
Ongi ari naiz? Esana dut xehetasunak guztiz beharrezkoak direla.
Iruditu zait, hantxe, eskuineko aldean, badela hutsune bat. Hurbildu naiz, poliki, baina hor ikusten dut auto handi bat dagoela, aurreraka sartua, gurutzaturik, berez birentzako den leku guztia hartzen duela berak bakarrik ia, diagonalean.
Nire artean: "Hementxe sartu behar diat, bada, kostata ere! Ikus dezala leku gehiegi hartu duela".
Beraz, bizpahiru metro aurrera egin, eta atzeraka sartu dut kotxea, zuhaixkari lur pixka bat zapalduz, xuxen-xuxena. Hartara, nirearen ipurdiak oso hurbil du bestearen muturra, baina, nirea xuxen eta bestea gurutzaturik daudenez, atea irekitzeko ez dut inolako arazorik izan nik, eta are gutxiago izango du berak.
Bizpahiru orduren buruan, itzuli naiz autoa hartzera. Ondoan ez dago lehengo autoa, eta nireak papertxo bat du kristal-garbitzekoaren azpian, bildu-bildua: "¿Sabes aparcar?".
Sutan nago oraintxe munduko gidari guztiekin, zuekin izan ezik: Gatzola, Joxe, Extari, Firue, Jozulin, Nineu eta Txurdin. Zeren eta, orain esan egia, zuetako inor ez zen izango, ezta? A!

gatzola dijo
Ramon Etxezarreta izango zen igual!
10 Junio 2005 | 09:51 AM