Julio Cortazarren 'Etxe hartua'
Julio Cortazaren hamar ipuin itzuli eta Ipuin apetatsuak liburuan bildu ditu Jon Alonso idazle iruindarrak. Txalaparta argitaletxeak plazaratu berri-berria du lana. Jon Alonsok sarreran dioenez, Cortazarren ipuinetatik hamar hauek hautatzeko irizpide nagusia bere gustukoak izatea da, eta ikastaroetan berak erabiliak edo aipatuak izatea.
Orain arte, euskaraz irakur zitezkeen Cortazarren lanak Oktaedroa eta Hegoaldeko autopista ziren, biak Gerardo Markuletak itzuliak.
Hona hemen Ipuin apetatsuak liburuko lehen ipuina: Etxe hartua. Jatorrizkoa, Casa tomada, 1951ean argitaratu zuen Cortazarrek, Bestiario bilduman.
ETXE HARTUA
Etxea maite genuen, handia eta antzinakoa izateaz aparte (gaur, antzinako etxeak jausten direnean, beren materialak saltzea onuragarriagoa denez), gure birraiton-birramonen, aitaren aldeko aitonaren, gure gurasoen eta haurtzaro guztiaren oroitzapena gordetzen zituelako.
Irene eta biok ohitu ginen bertan bakarrik irauten, eta hori erokeria hutsa zen, etxe hartan zortzi pertsona bizi zitezkeelako elkarri traba egin gabe. Garbiketa goizean egiten genuen, zazpietan jaikitzen ginelako, eta hamaikak irian uzten nizkion azken gelak Ireneri, errepasatzeko, eta sukaldera joaten nintzen. Eguerdian bazkaltzen genuen, beti puntual; ordurako ez zegoen ezer egiteko, plater zikin gutxi batzuk garbitzea ez bazen. Atsegin egiten zitzaigun bazkaltzea etxe sakon eta isila gure gogoan, eta nola moldatzen ginen garbirik edukitzeko pentsatzen genuela. Batzuetan etxeak galarazi zigula ezkontza uste izatera iritsi ginen. Irenek bi senargai uxatu zituen arrazoi handirik gabe, niri Maria Esther hil zitzaidan elkarrekikoa finko egin baino lehenago. Berrogeietan sartu ginen inoiz adierazi gabeko ideia batekin, alegia, gurea, anai-arreben arteko ezkontza moduko hura, birraiton-birramonek gure etxean finkatu zuten genealogiaren bukaera beharrezkoa zelako ideiarekin. Egunen batean han hilko ginen, etxea lehengusu lauso eta muker batzuen eskuetara iritsiko zen, horiek lurrera abailduko zuten lur sail eta adreiluekin aberasteko; edo hobeto, guk geuk irauliko genuen justizieroki beranduegi baino lehen.
Irene inori traba ez egiteko jaiotako neska zen. Goizeko egitekoak eginda, egunaren gainontzekoa puntua egiten pasatzen zuen, bere logelako besaulkian. Ez dakit zergatik jarduten zuen hainbeste denbora puntua egiten, nik uste dut emakumezkoek puntua egiten dutela lanbide horri esker deus ez egiteko aitzakia aurkitzen dutelako. Irene ez zen horrelakoa, beti gauza beharrezkoak ehuntzen zituen, negurako puntuzko prendak, galtzerdiak niretzat, berarentzat mañanitak eta txalekoak. Batzuetan txaleko bat ehuntzen zuen eta gero ostera desegiten zuen zerbait ez zitzaiolako gustatzen; irrigarria gertatzen zen artile kizkurrezko pila saskitxoan ikustea, hainbat ordutan izandako forma galtzeari aurka eginez. Larunbatean neu joaten nintzen hiri erdira artilea erostera; Irene konforme zegoen nire gustuarekin, aukeratutako koloreak gustukoak zituen, behin ere ez nuen artile-matazarik itzuli behar izan. Nik ateraldi horiek profitatzen nituen liburu dendetatik bueltatxoa emateko eta literatura frantseseko nobedaderik ba ote zegoen alferrik galdetzeko. 1939. urteaz geroztik ez zen deus baliodunik iristen Argentinara.
Baina etxeaz mintzatu nahi dut, eta Irenez, nik ez dudalako garrantzirik. Neure buruari galdetzen diot zer egingo zukeen Irenek puntua egin izan ez balu. Batek berrirakur dezake liburu bat, baina jertse bat bukatu denean, ezin da berriz egin errepikapena eskandaluzkoa gertatu gabe. Egun batez ikusi nuen kanforrezko komodako azpiko tiradera lepoko zuriz, berdez eta lilaz beteta zegoela. Naftalinarekin zeuden, mertzeria batean bezala pilatuta; ez nuen adorerik izan Ireneri galdetzeko haiekin zer egin gogo zuen. Ez genuen bizimodua irabazi behar, hilero iristen zen alorretako sosa, eta dirua emendatzen zen. Baina Irene puntua egiteak baizik ez zuen entretenitzen, iaiotasun zoragarria zeukan, eta niri orduak joaten zitzaizkidan triku zilarreztatuak bezalakoak ziren bere eskuak, joan-etorrian zebiltzan galtzorratzak eta zoru gaineko saskitxoak ikusten, non matazak etengabe astintzen baitziren. Ederra zen.
Nola ez naiz gogoratuko etxeko banaketaz. Jangela, gobelinodun aretoa, liburutegia eta hiru logela handi alderdi erretiratuenean zeuden, Rodriguez Peñari begira dagoenean. Pasabide batek eta bere haritz trinkozko ateak bereizten zuten alderdi hori aurreko alderditik, non komuna, sukaldea, gure logelak eta erdiko egongela baitziren. Logelek eta pasabideak egongelara ematen zuten. Etxera maiolikazko ezkaratz batetik sartzen zen, eta kantzel-ateak egongelara ematen zuen. Beraz, bat ezkaratzetik sartzen zen, kantzel-atea ireki eta egongelara pasatzen zen; albo banatan gure logeletako ateak zeuden, eta aurrean alderdi erretiratuenera ematen zuen pasabidea; pasabidetik aurrera eginda, haritzezko atea zeharkatu eta etxearen beste alderdia hasten zen, edo bestela bazegoen haritzezko atea baino lehen ezkaratzera hartu eta sukaldera eta komunera zeraman pasabide estuago batetik segitzea. Atea irekita zegoenean bat ohartzen zen etxea oso handia zela; bestela, orain eraikitzen den apartamentu horietakoa zirudien, kasik mugitzeko tokirik ez duena; Irene eta biok etxearen alderdi honetan bizi ginen, ia inoiz ez ginen haritzezko ateaz beste aldera joaten, garbiketa egiteko ez bazen, ezin sinesteko modukoa baita altzariek hautsa nola biltzen duten. Buenos Aires hiri garbia baldin bada, bere biztanleei zor die, eta ez beste ezeri. Airean lur gehiegi dago, aire bolada bat nahikoa da hautsa aurkitzeko kontsoletako marmoletan eta makrame-karpeten erronboen artean; luma-eskuilaz ateratzea nekeza da, hegan egiten du eta airean eskegita geratzen da, eta handik gutxira berriz pausatu da altzarietan eta pianoetan.
Garbi gogoratuko dut beti, sinplea eta alferreko inguruabarrik gabe izan zelako. Irene bere logelan zegoen puntua egiten, gaueko zortziak ziren eta bat-batean otu zitzaidan mate-ontzia sutan jartzea. Pasabidetik joan nintzen haritzezko ate erdi-irekiaren aurreraino, eta sukaldera doan bihurgunea hartzen ari nintzen jangelan edo liburutegian hots bat entzun nuenean. Soinua sor eta zehaztugabea izan zen, aulki bat erortzean ateratzen denean bezala, edo elkarrizketa bateko marmar ito bat bezala. Une berean edo segundo bat geroago berriz entzun nuen, gela haietatik aterantz zetorren pasabidearen barrenean. Atearen kontra oldartu nintzen beranduegi baino lehen, kolpean itxiz, gorputza bere kontra bermatuz; zorionez, giltza gure aldetik zegoen jarrita, eta gainera morroilo handia itxi nuen segurtasun handiagoa edukitzeko.
Sukaldera joan nintzen, ontzia berotu nuen, eta mate-erretiluarekin itzuli nintzenean zera esan nion Ireneri:
—Pasabideko atea itxi behar izan dut. Barreneko aldea hartu dute.
Ehuna erortzen utzi zuen eta bere begi sakon eta nekatuekin begiratu zidan.
—Ziur zaude?
Baietz egin nuen.
—Orduan —esan zuen galtzorratzak biltzen zituen artean— alde honetan bizi beharko dugu.
Ni artaz ari nintzen matea prestatzen, baina bera berandutu egin zen apur bat lanari berriz ekin baino lehen. Gogoan dut txaleko gris bat egiten ari zela; niri gustatzen zitzaidan txaleko hura.
Lehen egunetan ernegatuta ibili ginen alde hartuan biok utzi genituelako maite genituen gauza asko. Literatura frantseseko liburuak, esaterako, guztiak liburutegian zeuden. Irenek karpeta batzuen falta sentitzen zuen, baita neguan asko berotzen zuten txapinena ere. Berdin nik ipuruzko pipa, eta uste dut Irenek gogoan zerabilela urte askotako Hesperidina botila. Maiz (baina hau lehen egunetan gertatu zen bakarrik) komodetako tiraderaren bat itxi eta elkarri begiratzen genion, triste.
—Ez dago hemen.
Eta etxearen beste aldean galdutako guztiaren beste zerbait zen.
Baina abantailak ere eduki genituen. Garbiketa hainbeste erraztu zen non oso berandu jaikita ere, bederatzi eta erdietan esaterako, hamaikak baino lehen besoa besoaren gainean baikeunden. Irene ohitu zen sukaldera nirekin joaten eta bazkaria prestatzen laguntzen. Ongi pentsatu eta hauxe erabaki genuen: nik bazkaria prestatzen nuen bitartean, Irenek platerak prestatuko zituen, gauez hotz jateko. Poztu ginen, beti delako pixka bat gogaikarria arratsaldean logelak hustu behar izatea sukaldean aritzeko. Orain nahikoa genuen Ireneren logelako mahaiarekin eta fianbre fuentekadarekin.
Irene pozik zegoen puntu egiteko denbora gehiago ateratzen zuelako. Ni apur bat galduta nenbilen liburuak zirela-eta, baina nire arreba ez atsekabetzearren aita zenaren zigilu-bilduma aztertzen hasi nintzen, eta horrek lagundu zidan denbora pasatzen. Dibertitu egiten ginen, nor bere gauzekin, ia beti Ireneren logelan bildurik, erosoagoa baita. Batzuetan Irenek hauxe esaten zuen:
—Begira bururatu zaidan puntu hau. Ez al du hirusta-itxurako marrazkia egiten?
Handik pixka batera neu nintzen paper-laukitxo bat begien aurrean ipintzen niona, Eupen eta Malmedyren zigiluren baten meritua ikus zezan. Ongi geunden, eta poliki-poliki pentsatu gabe bizitzen hasi ginen. Badago pentsatu gabe bizitzea.
(Irenek ozenki amesten zuenean nik berehala galtzen nuen loa. Ez nintzen inoiz ohitu ahal izan estatuaren edo papagaiaren ahots horrekin, ametsetatik baitator, eta ez eztarritik. Irenek zioen nire ametsak astindu gogorrak zirela, inoiz manta erorarazten zutenak. Gure logelen artean egongela zegoen, baina gauez edozer entzuten zen etxe hartan. Arnasa hartzen entzuten genuen elkar, eztula egiten, aurreikusten genuen mesanotxeko lanpararen etengailuaren bila egindako keinua, edo elkarren lo galdu ugari.
Horretaz aparte etxean dena zegoen isil. Egunez zurrumurru domestikoak ziren, puntua egiteko galtzorratzen igurtzi metalikoa, karraskatxoa album filatelikoko orriak pasatzerakoan. Haritzezko atea, uste dut esan dudala, trinkoa zen. Sukaldean edo komunean, alde hartuarekin mugan geratzen zirenez, altuago mintzatzen ginen edo bestela Irenek sehaska-kantak abesten zituen. Sukalde batean beirak eta lozak nahiko zarata egiten dute beste edozein soinu sartzea galarazteko. Han ez genion isiltasunari tokirik uzten, baina logeletara eta egongelara itzultzen ginenean, orduan etxea mutu eta argi-ilunean jartzen zen, eta are polikiago egiten genuen urratsa elkarri eragozpenik ez egiteko. Nik uste dut horregatik gertatzen zitzaidala gauez, Irene ozenki amets egiten hasten zenean, berehala bizkortzen nintzela).
Ia gauza bera errepikatzea da, salbu eta ondorioetan. Gauez egarriak egoten naiz, eta ohera baino lehen Ireneri esan nion sukaldera nindoala baso bat ur hartzera. Logelako atetik (bera puntua egiten ari zen) sukaldeko hotsa entzun nuen; agian sukaldean edo agian komunean, ez zegoen jakiterik, pasabideko ukondoak zarata apaltzen baitzuen. Irene konturatu zen bat-batean gelditu nintzela, eta nire ondora etorri zen fitsik esan gabe. Hotsa entzuten geratu ginen, eta argi aski nabarmendu zen haritzezko ateaz honatagokoak zirela, sukaldean edo komunean, edo pasabidean bertan, ukondoa hasten den tokian, gure ondoan ia.
Ez genion elkarri begiratu ere egin. Ireneren besoa estutu nuen eta lasterka eginarazi nion nire ondoan kantzel-ateraino, atzera egin gabe. Zaratak handiagoak ziren, baina beti sorrak, eta gure bizkarrean. Atea kolpez itxi eta ezkaratzean geratu ginen. Han ez zen ezer entzuten.
—Alde hau ere hartu dute —esan zuen Irenek. Puntu-lana bere eskuetatik zintzilik zegoen, eta hariak ateraino iristen ziren, kantzel-atearen azpitik galduz. Matazak beste aldean geratu zirela ikusi zuenean bere puntu-lana askatu zuen begiratu ere egin gabe.
—Zerbait hartzeko astirik izan duzu? —galdetu nion, alferrik.
—Ez. Deus ez.
Soinean geneukanarekin geunden. Gogoratu nintzen nire logelako armairuan zeuden hamabost mila pesoez. Orain berandu zen.
Eskumuturreko erlojua oraindik nirekin banuenez, gaueko hamaikak zirela ikusi nuen. Nire besoaz Ireneren gerria inguratu nuen (negarrez ari zen, nik uste) eta kalera irten ginen. Urrundu baino lehen errukitu nintzen, sarrerako atea ondo itxi eta giltza estoldara bota nuen. Ez zedin gizajoren bat, lapurtu nahian edo, etxean sar, ordu hartan eta etxea hartuta egonda.
(Julio Cortazar. Itzultzailea: Jon Alonso, 2005)
