Publicidad:
La Coctelera

Igorringo

2 Junio 2005

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo

Ez naiz ni mintzo, ez (ohartuta egongo zarete): Iñaki Segurola da, argitara berri duen saiakeran (Alberdania, 2005).

Zatitxo batzuk bakarrik irakurri ditut oraindik, eta behin Zestoako bainuetxean hartu nuen zurrusta-masajea ekarri dit gogora: hori da hori hitz-zurrusta, gogoeta-zurrusta, gihar eta neurona guztiak dantzan jartzeko modukoa! Aldika zakar samar jorik ere, osasungarria, dudarik gabe. Zuei ere gustatuko zaizuelakoan nago. Hau da azken testua:

EGURALDIAZ: ZERTAZ BESTELA? Bizi erdia euskarazko testuei begira daraman honek deklaratzen du ezen joan deneko urte mordoan euskaraz irakurri duen esaldirik politena, edo ederrena, edo onena, edo gustagarriena... edo ez dakit ze hitzekin esan, honako hauxe dela: "Kosta laino txepel batzuk agertuko dira, nora mugitu asmatu ezinik". □□ Esaldia —merezi du aitorpen publiko bat— Joxe Landarena da, eta Egin egunkarian agertu zen 1998ko San Juan bezperan; egun seinalatu horretan egin behar zuen eguraldiaren iragarpena zen, eta ez naiz oroitzen laino txepelik agertu ote zen kostatik eta ezta asmatu ezinaren nagiak uxatu eta azkenerako norabait mugitzen asmatu zuten ere. Horixe da gutxiena. Axola duena da Joxe Landak ez duela literaturarik egiten, ez duela idazten idazten dutenek idazten duten bezala, eta hala eginen balu, nekez aterako litzaioke horrelako alerik, gainera. Hamar hitz horien (eta batik bat azken lauen) aparteko grazia sano hori beste iturri batetik dator, beheragoko maila batetik, hau da, barrenagotik: erdara (eta kultura) gutxiko jende argiaren mintzotik; hizkuntzaren egile bezainbat desegile direnen ganbara ezin hustuzkotik.

Horren segida-segidan, liburuari izenburua ematen dion esaldiaren azalpena dator, burutzeko:

Eguraldiari begira bizi gara, denboraren tximistatik ihesi. Hartara lerratzen zaigu mihia gutxiena uste dugunean. Eguraldia eta bizi-beharra elkarrekin lotuak ageri zaizkigu baserriko berri batere ez dakigunoi ere, eta arrazoia da eguraldi narratxa, eguraldi muxiña, edo ustela, edo zaztarra egiten duela beti hiltzeko, grazia gutxiko eguraldia beti; ona bai noiz edo noiz, baina eder sano zoragarririk ez sekula. Badaki hiltzeko hotzak egiten neguan, baina hiltzeko girorik ez du egundo egiten, ez da ezagutu holakorik eguzkiaren azpian. Aitzakiarik gabeko eguraldiak ere ez daki hiltzeko arrazoirik ematen. Egongiro egongo da, edo sutondo giro, edo ibilgiro, baina hilgiro ez, zerraldo girorik ez, mundua mundu hau denetik. Horregatik bizi gara eguraldiari begira, eguraldiaren eta bizi-beharraren hotz-beroen azpian. Gaur-ere-ezka. Eta eguraldirik gabeko ametsetan bakarrik ibiltzen gara herio garbiz; huraxe da oroitzeko moduko heriotza bakarra. □□ Joxe Landaren graziaren laurdenik ere gabe, hementxe doa nire iragarpena, nahi zenukeen aldi oro (liburua zabaltzen lanik hartu gabe gainera) irakur baitzenezake: □□ Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo.

servido por igorringo 5 comentarios compártelo

5 comentarios · Escribe aquí tu comentario

firue

firue dijo

Egia berdaderoa dio, bai: "Hamar hitz horien ... aparteko grazia sano hori... dator ... barrenagotik." Barrenagotik, barru-barrutik, muinetik, bihotzetik, arimatik, izatetik...

Askotan entzun izan dogu hiztun ona dala hizkuntza ondo menperatuta daukana. Baina hiztun ona ez ete da hizkuntzak menpean daukana?

Askotan esan deuskue, hiztun ona izateko, hizkuntza erabili egin behar dala? Baina ez ete gaitu hizkuntzak gu erabili behar?

Askotan esan deuskue hizkuntza landu egin behar dala, hizkuntzaz jabetu egin behar dogula? Ez ete gaitu hizkuntzak gu landu behar, eta ez ete da hizkuntza gutaz jabetu behar?

Askotan erabili dot buruan kontu hori. Askotan egin deutset itaun hori neure buruari. Eta zenbat eta gehiagotan pentsatu, arrazoi gutxiago topatu dodaz erantzun baten edo bestearen alde egiteko. Batak bestearen gainetik egon behar dau? Batak bestea hartu behar dau?

Hiztun ona ez ete da hizkuntzagaz bat eginda dagoana...

4 Junio 2005 | 11:01 AM

extari

extari dijo

Eta saiakera zurrustatsu hori zeri buruzkoa da? Hizkuntzaren gaineko gogoetak dira?

8 Junio 2005 | 10:06 AM

firue

firue dijo

Zurrustada hori "boteprontoan" barrutik azaleratu dan zurrunbiloa baino ez da izango beharbada. Eta bai, hizkuntzari buruzkoa izan liteke. Baina ez, ez dau zertan izan behar hizkuntzari buruzkoa bakarrik. Neuri behintzat, hainbatetan otuten jataz holakoak. Zuoi ez jatzue halakorik pasetan, ala?

8 Junio 2005 | 10:32 AM

extari

extari dijo

Ez, jakin nahi nuen ze arlotako gaiak jorratzen dituen Segurolak liburuan.
Baina, zuk esandakotik, neuri ere gertatzen zaizkit holako burutazioak, hoba ez!

8 Junio 2005 | 11:18 AM

KepaDi

KepaDi dijo

Neuk ere sarritan goraipatu izan dut Joxe Landaren idaztankera. Behin baino gehiagotan aipatu izan dut neure blogean, etnomet.blogspot.com. Eguraldiaren lexikoaren inguruan egiten dihardudan tesirako hainbat hitz eta lokuzio hartu izan dizkiot, batzuk hiztegiek ere ez dakartzatenak. Zoragarria da Landak eguraldiak iragartzeko erabiltzen duen prosa! Pipertsua eta herrikoa bada ere, ez du zientziaren ikuspegia galtzen. Askok zer ikasi ederrik dute berarengandik.

13 Junio 2005 | 12:53 PM

Escribe tu comentario


Sobre mí

Zuen (noren?) baimenarekin, ez dut nire izena agertuko, eta Igorringo edo Igor Ingo ezizena erabiliko dut. Emango ditudan gainerako datuak, hori bai, egiazkoak dira. Gizonezkoa naiz, nafarra sortzez, eta 40ak duela pare bat urte jo nituen. Hizkuntza dut lanbide, eta zaletasun ere bai, beste batzuekin batera noski. Zerbait itxurazko idazten badut, eta inork zerbait erantzuten badu, izango dugu elkarren berri. (Irudia: Michal Batory, 2004).

Fotos

igorringo todavía no ha subido ninguna foto.

¡Anímale a hacerlo!

Buscar

suscríbete

Selecciona el agregador que utilices para suscribirte a este blog (también puedes obtener la URL de los feeds):

¿Qué es esto?

Crea tu blog gratis en La Coctelera