Gozatzeko gogoa
Probatxo bat egin dut Google bilagailuarekin: gozatzeko gogoa zenbat aldiz aurkitzen ote duen. Emaitza, oso laburra, eta motza (bizk.): sei agerpen baino ez. Itxaron, itxaron... Jakina! Gaizki egin dut, adjektibodunak ere bilatu beharko ditut, hau da, gozatzeko gogo solik jarri beharko dut kakotx artean... Bai zera! Beste bat baino ez. Zazpi bider ageri da Interneteko euskal testuetan go-goa, gozatzeko gogoa. Zazpi aldiz bakarrik. Zerbaiten adierazgarri?
Zer? Zorongo honi zer aldikada bitxik eman ote dio gaur halako ikerketa zozo-linguistikoetan hasteko? Kukuak oker jo ote dio?
Aski erraza da. Blogari estimatu baten testuan gogoa sexuaz gozatzeko irakurri dut, eta hortik hasi da dena. Arraioa! "Go-gorra da gero, honek go-oglera jotzen (go-tzen?) du (go-goa) go-ititzen zaionean!", esango du zuetakoren batek... Ez, ez... Zaudete lasai. Ez noa hortik.
Linguistikoa da kontua. Pentsaketan hasi naiz, nik beti sexuaz gozatzeko gogoa esango nukeela, ez nukeela testuan aurkitu dudan ordena horretan esango. Eta ez nauela betetzen azken aldian sumatu dudan joera horrek, aditza albait aurreratzeko irizpidearen haritik zernahi-nolanahi aurreratze horrek, sintagma-buru guztiak osagarriaren aurretik emate horrek... Ohartxoa baino ez da, e!
Izan ere, begira: erraz komunikatzearen mesedetan egiten den aukera da (hitz) gakoak aurreratze hori, ezta? Alegia, gogo da hor burua, eta hari itsatsirik doa osagarria. Baina..., haria hainbat modutan harilkatzen da testuetan ere, eta korapiloa zerk sortzen duen ere ezin da hain erraz epaitu beti: osagarriak eramaten du gakora errazenik behin baino gehiagotan... Adibide argiagorik nekez aurki liteke, gainera, esku artean dugun hau baino: zerk egiten du tira gehiago, gogo hitzak ala sexu hitzak? Zerk bultzatzen du gehiago aurrera?
Gogoa, gozatzeko gogoa, hurrenkera horretan da niretzat eraginkorrena. Ez baitira gauza bera, nire iritzian, 'Gozatzeko gogoa' Googlen eta Googlen gozatzeko gogoa.
Go-rrin-go samarra izaki ni!
Go!
(=Jo?)

Ramon Etxezarreta dijo
Galdera bera "Ereduzko prosa gaur" sailean egin dezakezu (euskaraz.net). Tresna oso egokia da eta, seguru, emaitza ugariagoak eta ezberdinagoak lortuko dituzula. Izan suertea!
31 Mayo 2005 | 10:35 PM