Kukuprakak
Argazki hau eta beste argazki eder asko daukazue Mikel Tapia Arriadaren Naturaren irudiak webgune ederrean.
Landare honen izen zientifikoa digitalis purpurea da, eta euskaraz kukupraka(k) esaten zaio. Argazki eta informazio gehiago ikus dezakezue gune honetako landareen gidan, zehazki orri honetan, beste webgune honetan (landareari itxura ongi hartzen zaio hor), eta foro honetan. Bestalde, mendiei buruzko webgune bikain honetan ere bada argazki bat, Izu mendia bilatuz gero ikus dezakezuena (Nafarroan, Gipuzkoako mugatik gertu).
Medikuntzan erabiltzen dute, nonbait, kukupraka lorea, baina norberak ezin esperimenturik egin, toxikoa baita neurri batetik gora, hilgarri ere izateraino! Aipatzen dute sendabelarrei buruzko Elhuyaren aldizkari honetan.
Larunbatean mendi-bueltaxka bat egin nuen, eta, kukuprakak ez ezik, suge bat ere ikusi nuen (aspaldiko partez), eta sasoiko lehenbiziko onddoa harrapatu (bareek kapelaren laurdena baino ez zidaten utzi; haiek ere nik bezainbesteko irrika izango zuten!). Onddoez ari garela, ea niri adina gustatzen zaizkizuen webgune hau eta hau. Ez esan ez dela ederra, adibidez, onddo zuri honen argazkia, hemen ezkerrean boletus edulis sakatuta ikus daitekeena.

gatzola dijo
Kukutik kukura kuku egiten dizut, zurean zer topatuko, eta oraingoan kukuak jo dit. Bai argazki ederrak!
Hizkegian kukuketan nenbilela, 'kuku-bala', 'kuku-sagar', 'kukur', 'kukurreta', 'kukurru' eta beste hainbat hitz topatu ditut gaztelaniazko "agalla (de roble)" edo "agallón" esateko. Baina zer dira? Laguntzerik bazenu(te)eskertuko nizu(e)ke.
31 Mayo 2005 | 10:34 AM