Xalbadorrek semeari
Anitz bertso eta kanta ezagun baditu Fernando Aire Xalbador bertsolari urepeldarrak (1920-1976). Ezagunak, bai bertsolari edo bertsozaleei esker, bai abeslariei esker. Hona adibide batzuk:
- Herria eta hizkuntza (Mikel Laboa)
- Esperantzarik gabeko amodioa (Txomin Artola)
- Primaderari (Erramun Martikorena)
Bestalde, Xalbador bera kantugai bihurtu zuen Xabier Lete olerkari eta kantariak Xalbadorren heriotzean abesti hunkigarrian (Urepeleko artzaina izenez ezagunagoa, beharbada).
Nik, hemen, hain ezaguna ez den Xalbadorren bertso-sorta batetik nahi nuke pare bat aldatu. Berriz argitaratu duten Odolaren mintzoa liburutik hartu dut (Auspoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004).
Semeari paratuak dira bertsook, Mixel semeari. Ameriketan zen Mixel, baina ustez laster itzuli eta etxean plantatzekoa. Halako batean, ordea, kezka sortu zitzaion aitari, ikusten denez, etorrera gibelatzen ari zela eta. Honela diotso:
(...)
-7-
Lau haurridetarikan hi haiz hautatua
etxeko nagusitzan hik daukak eskua;
denek utzia ditek hiretzat lekua;
kontsidera dezakan jina duk ordua
hemengo lemazaintzat hihauren burua.
(...)
-10-
Bainan ez nikek nahi, o seme maitea,
desafia dezakan kontraka haizea:
sort etxearen karga bortxarat hartzea;
hobe baituk hi baino etxea galtzea,
nahiz tristea izan gure zahartzea.
(...)
Iruzkinak, zuen esku. Letek esandakoa gogoratu besterik ez dut nik egingo: "Adiskide bat bazen, orotan bihozbera, poesiaren hegoek, sentimentuzko bertsoek, antzaldatzen zutena." (Xabier Lete, Xalbadorren heriotzean).

gatzola dijo
Poetiko jarri zaigu Igorko, eta halaxe esnatu naiz ni ere. Bertso ederrak aldatzen ez dut gutxiago izan nahi. Hona Milia Lasturkoari ahizpak kantatu zion eresia. Bihotza erdibitzekoa.
Zer ete da andra erdiaren zauria?
Sagar errea, eta ardoa gorria.
Alabaia, kontrario da Milia:
Azpian lur hotza gainean harria.
Lasturrera behar dozu, Milia.
Aita jaunak eresten dau elia,
Ama andreak apainketan hobia.
Hara behar dozu, Milia.
Jausi da zerurean harria,
Aurkitu dau Lasturren torre barria,
Edegi dio almeneari erdia.
Lasturrera behar dozu, Milia.
27 Mayo 2005 | 10:09 AM