Webo eta Kameni
Pierre Achille Webo eta Carlos Idriss Kameni. Futbolariak dira biak, kamerundarrak, eta Espainiako Ligan ari dira. Kameni atezaina da, Bartzelonako Espanyol taldekoa, eta Webo, berriz, aurrelaria, Iruñeko Osasuna taldekoa.
Makina bat arazo izan bide dute aurten, Espainiako zelaietan, bi hauek eta beste hainbat jokalari beltzek (Osasunan bertan ere bada beste bat: Morales uruguaiarra). Esatekoak ez direnak entzun behar izan dituzte, zoritxarrez, zenbait jenderen arrazakeria dela medio.
Bada, joan den igandean, Iruñean jokatu zuten Osasunak eta Espanyolek, eta partida amaitzean besarkatu egin omen ziren Kameni eta Webo (herrikide, selekziokide eta lagun), jendeak "Kameni, Kameni" oihukatzen zuen bitartean (Webo maite dutela erakutsia dute lehenago ere).
Ez dute erraza izan dauden tokira iristea. Kameni bizpahiru urtez egon da Frantziako Ligan, ia batere jokatu gabe, eta aurten nabarmendu ditu bere dohain guztiak, Lotina entrenatzaile bizkaitarrak aukera eta konfiantza emanik (Iruñean oso oroitzapen ona utzitako entrenatzailea, bidenabar esateko). Webo bera ere une zailak pasatutakoa da Iruñean, duela pare bat urte ia-ia fitxarik gabe ere utzi baitzuten; orain, aurrelari kementsu eta eraginkorra da, eta etorkizun handia du, gaztea baita oso.
Webo eta Kameni, Kameni eta Webo. Jokalari kuttunak ditut biak ala biak. Giza baliorik onentsuenetako batzuen erakusgarri. Seguru nago hunkitu egingo nintzatekeela igandean besarkaturik ikusi banitu. Inongo argazkitan ere ez dut, ordea, irudi hori aurkitu. Ez dakit zergatik.
