Gorringoak
Denok dakigu zer den gorringoa, baina hala ere oso hitz ederra da niretzat.
Batetik, arrautza-gorringoa dugu, jakina; zuringoa ez dena, alegia.
Bestetik, perretxiko preziatua. Niretzat, inon denik eta politena. Eta, harrapatzen hain zaila izanik, ia mirarizkoa. Nik behintzat behin edo bitan bakarrik izan dut halako plazera. Izen zientifikoa amanita caesarea du. Hemendik atera dut irudia:
http://www.grn.es/amjc/bolets/acaesar2.htm
Lehenbiziko adieraren haritik, Intza proiektuaren webgunean ('Euskal lokuzioak sarean'), honako esapide hau ageri da:
gorringo biko pare bana ukan. Azalpena: ausarta izan. Adibideak: Aizkolariyak ere Euskal-errikuak dira dituztenak pare bana gorringo bikuak. Nondik: MUGERTZA, E. "Mendaro Txirristaka" (Bertsolaria, 1874-1955). A. Zavala / Mendaro Txirristaka. Kontzeptuak: ausardia. Gazteleraz: tener un par de pelotas.
Interesgarria iruditzen zait esapidea zabaltzea; ezagutaraztea, eta adieran ere zabal hartzea. Izan ere, nola esaten diozue zuek, neska bati, mutil bati hik dauzkak koskabiloak! (edo halako zerbait) esango zenioketena? Nik ez dut jakin oraintxe arte, baina argia egin zait: ez ote da aski egoki hik dauzkan gorringoak!
Gorringoa, beti, gauza ona. Horretan dudarik ez dago. Lehen baino ere ederragoa iruditzen zait hitza.

gatzola dijo
Nondik ari naizen galdetu zenidan. Lorratzean jarriko zaitut: zure gorringoa kuletoa da nire inguruan.
23 Mayo 2005 | 09:57 AM