Publicidad:
La Coctelera

Igorringo

Categoría: Nireak

14 Junio 2005

Esaeren oihartzunak eta aldaerak

Jozulinek ideia emanik (ikus Esaera zabarrak, haren 2005eko maiatzeko artxiboan), zenbait esaera ezagunen aldaera edo oihartzunak bilatzen aritu naiz. Aldaeren kasuan, egitura berarekin beste esanahi bat bilatu dut; oihartzunen kasuan, nolabaiteko erantzuna (ironikoa, zenbaitetan, hala nola Gurasooi bost axola horretan). Ea gustatzen zaizuen nire ahalegina, eta zuek ere animatzen zareten. Jolasean-jolasean, gauza berriak ateratzen dira.

► (Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen.) Dabilen agintariari ez zaio egiarik lotzen.

► (Gezurra esan nuen Getarian, ni baino lehen zen atarian.) Gezurra esan nuen Itoitzen, herria bertantxe ito zen.

► (Adiskide onekin, orduak labur.) Internet sarean, orduak airean.

► (Umearen zentzuna, etxean entzuna.) Gurasooi bost axola, hor dago eskola.

► (Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.) Hurbileko antxoak hamalau, denak jan eta barau.

Hona hemen berriki aurkitu dudan esaera zerrenda bat. Asko eta asko ezagunak dira, baina bada besterik ere.

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

13 Junio 2005

Eibar lehen mailara?

Iragan da futboleko Espainiako Kopa, eta Osasuna txapeldunorde, ahaleginak eta bost eginda, duin (eta jarraitzaileena, txapela kentzeko modukoa!). Errugbian, berriz, Miarritze txapeldun Frantziako Ligan. Biba zuek! Atzera futbolera etorrita, Alavesek lehen mailara igotzea lortu zuen atzo, jardunaldi baten faltan. Eta Eibarrek, berriz, azken jardunaldi horretara bizi-bizi iristea lortu du, atzo zelai zail batean irabazita.
Oraintxe bertan, Eibar da niretzat euskal futbolaren erreferentzia interesgarriena. Zerikusirik ez, adibidez, Alaves batekin (errespetu guztiarekin esanda; zehaztu beharko nuke, seguruenik: “oraingo Alaves honekin”). Handik eta hemendik ekarritako jokalari gazteak, etxeko edo inguruko batzuekin nahasturik, kemen handia eta joko ona, iaz Amorrortuk eta aurten Mendilibarrek gidaturik (entrenatzaileon lana funtsezkoa izan delakoan nago). Urruti gelditu da Eibarrek defentsa-jokoa eta borroka bakarrik egiten zuelako topiko hura. Oso urruti, gauzak diren bezala ikusi nahi dituenarentzat behintzat (atzo Celtaren entrenatzaileak esandakoa irakurri dut, eta… ez, hark bistan da ez zuela benetan gertatu zena ikusi).
Igandean etxean irabazten badu, eta Celtak edo Cadizek (biek kanpoan) irabazten ez badute, lehen mailara igoko da Eibar. Hiru taldeen aurkarietatik, bakar batek ere ez dauka ezer jokoan datorren igandean… teorian. Halakoetan, ordea, bestelako gauzek ere garrantzia izaten dute. Eta ez naiz diruaz bakarrik ari. Cadizen aurkaria, adibidez, Xerez da, eta auzoen arteko lehia gogorra ez ezik, entrenatzaile nafar bat ere bada han. Larunbatean Radio Euskadin hizketan entzun nuen, eta…
Baietz Eibar igo! Merezi du, eta, nahiz dena bere esku ez egon, baditu aukerak.
(Bide batez, Eibarko blog komunitatean ere Igorringo ezagutarazteko saiotxoa egingo dut, Eibartik eta Ingelesen hilerriaren bidez, esaterako. Jakin ezazue hau ez dela peloteua, e!).

servido por igorringo 5 comentarios compártelo

10 Junio 2005

Aparkatzen eta harpa jotzen

Adi irakurri behar didazue hau, mesedez, xehetasunei ongi erreparatuz. Gero zerbait esaten badidazue, lasaigarri edo argigarri, biziki eskertuko dizuet. Gaur gertatutako gauza da, eta egixe da, egixe da, neuk ikusi dodalako: %100 basque véridique!

Lantoki inguruan aparkatzera noa, eguerdi ondoan. Alboz albo edo baterian aparkatzen den toki horietako bat da, zuhaixka batzuekin: zuhaitz-arte bakoitzean bi auto sartzen dira zabalean; ez gehiago, ez gutxiago.

Ongi ari naiz? Esana dut xehetasunak guztiz beharrezkoak direla.

Iruditu zait, hantxe, eskuineko aldean, badela hutsune bat. Hurbildu naiz, poliki, baina hor ikusten dut auto handi bat dagoela, aurreraka sartua, gurutzaturik, berez birentzako den leku guztia hartzen duela berak bakarrik ia, diagonalean.

Nire artean: "Hementxe sartu behar diat, bada, kostata ere! Ikus dezala leku gehiegi hartu duela".

Beraz, bizpahiru metro aurrera egin, eta atzeraka sartu dut kotxea, zuhaixkari lur pixka bat zapalduz, xuxen-xuxena. Hartara, nirearen ipurdiak oso hurbil du bestearen muturra, baina, nirea xuxen eta bestea gurutzaturik daudenez, atea irekitzeko ez dut inolako arazorik izan nik, eta are gutxiago izango du berak.

Bizpahiru orduren buruan, itzuli naiz autoa hartzera. Ondoan ez dago lehengo autoa, eta nireak papertxo bat du kristal-garbitzekoaren azpian, bildu-bildua: "¿Sabes aparcar?".

Sutan nago oraintxe munduko gidari guztiekin, zuekin izan ezik: Gatzola, Joxe, Extari, Firue, Jozulin, Nineu eta Txurdin. Zeren eta, orain esan egia, zuetako inor ez zen izango, ezta? A!

servido por igorringo 12 comentarios compártelo

6 Junio 2005

Anaiaren zartakoa

Duela urte mordoxka bat, Errenteriako frontoian egokitu nintzen 16-17 urteko gazte batzuk eskuz jokatzen ari zirela, txapelketaren bat. Gazte haietako baten zartakoak zur eta lur utzi ninduen: habaila batez jaurtirik bezala ateratzen zitzaion pilota eskuetatik, beso luze haietatik.

Izenik ez nekien, baina gogoan gelditu zitzaidan mutil haren aurpegia. Handik urte batzuetara jakin nuen nor zen, ordurako profesional egina: Asier Olaizola.

Handik gutxira, Aimar anaia gaztea oraindik hobea zela jakin nuen. Hura ez dut inoiz jokatzen ikusi bertatik bertara, baina zur eta lur utzi nau askotan. Nor ez?

Atzo, Aimar Olaizolak buruz buruko txapela irabazi zuen lehenbiziko aldiz, partida ia galdu bat altxatu eta gero: 6-15 galtzen joan, 22-18 gailendu. Tarte horretan, botillero zuen Asier anaiak ere zerikusia izan omen zuen: gehiago zezakeela ikusarazi, bere buruarekin haserrarazi, sua piztu... Ez zion zaplastekorik emango, baina bai zartako bat barru-barruan. Anaiaren zartakoa.

Zorionak, Aimar, Asier, Goizueta eta gainerakoak.

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

3 Junio 2005

Non frogatzen baitigute Axular ere erratzen zela

Liburuak, liburuak... Guk ere Axulari sinetsi genion, eta hura ere fidatu zitzaion irakurri zituen liburuei, eta... Gero, hau! Alegia, hobe dugula geure begiz ikusi eta ikasi, ezen ez (beti) liburuz ikasi.

Zer da, eta Urdazubiko maisu handiak konparazione txit aldrebes eta baldartzat erabili zuela sagarroi edo trikuaren erditzea. Kumeen arantzek ziztatu beldurrez erditzearen gibelatzea edo atzeratzea, luzamendutan ibiltzea, berdindu nahi izan zuela konbertitzearen gibelatzearekin: zenbat eta gehiago geroratu sagarroiak erditzea, hainbat zorrotzago kumeen arantzak; zenbat eta gehiago geroko gerotan utzi konbertitzea, hainbat okerrago.

Naturak eta sagarroiak gehiago jakinki, ordea, Axularrek berak baino. Ederki aski erakutsi digu Aurelia Arkotxak gaurko Berrian.

(Nik bezala lapurtarrarenak irakurtzeko jaidura ez duenari beharbada oharkabean pasatuko zitzaion Mimits izenburua, eta horregatik egin dut batez ere ohartxo hau.)

servido por igorringo 3 comentarios compártelo

2 Junio 2005

Berriaketan

Barkatuko didazue akatsa, baina horixe esan nahi dut: Berriako kontutxo batzuk ekarri nahi ditut gaur hona, berriaketan aritu pittin bat.

Zutabe polita Uxue Apaolazak 7. orrian: Gazte tontoak. Bat nator guztiz berarekin; zutabearen ironia gordinarekin, alegia.

Heltzen garenean, erresidentziatan usteltzen utziko ditugu agian ezjakinak, telebista jaleak eta kontsumista hutsak garela esaten digutenak; orain berrogei bat urte dituzten eta, asko irakurri duten ez dakit, baina zer irakurri behar den eta zein izen esan behar den ederki dakiten intelektual estatistiko eta idazle sasi-soziologo guztiak.

Horrelaxe amaitzen da. Baina irakur ezazue osorik, irakurri. Barrurago, Tartea gehigarrian, Unai Elorriagari egin dion elkarrizketaren sarreran, honela dio Nekane Gonzalezek, egongela deskribatu eta itaunekin hasterakoan:

Margoak eta hitzek bat egiten duten espazioan, algortarrak ezti koloreko begiekin erantzun die galderei.

Nik, lesakarrek bezala, Beti Gazte izan nahi dut. Eta, beratarrena bezala, Gure Txokoa izan dadila hau. Eta, debarrek bezala, Hamaikak Bat egin dezagula (zenbat gara oraingoz, zazpi?). Ongi etorri, Jozulin eta Ramon.

servido por igorringo sin comentarios compártelo

31 Mayo 2005

Gozatzeko gogoa

Probatxo bat egin dut Google bilagailuarekin: gozatzeko gogoa zenbat aldiz aurkitzen ote duen. Emaitza, oso laburra, eta motza (bizk.): sei agerpen baino ez. Itxaron, itxaron... Jakina! Gaizki egin dut, adjektibodunak ere bilatu beharko ditut, hau da, gozatzeko gogo solik jarri beharko dut kakotx artean... Bai zera! Beste bat baino ez. Zazpi bider ageri da Interneteko euskal testuetan go-goa, gozatzeko gogoa. Zazpi aldiz bakarrik. Zerbaiten adierazgarri?

Zer? Zorongo honi zer aldikada bitxik eman ote dio gaur halako ikerketa zozo-linguistikoetan hasteko? Kukuak oker jo ote dio?

Aski erraza da. Blogari estimatu baten testuan gogoa sexuaz gozatzeko irakurri dut, eta hortik hasi da dena. Arraioa! "Go-gorra da gero, honek go-oglera jotzen (go-tzen?) du (go-goa) go-ititzen zaionean!", esango du zuetakoren batek... Ez, ez... Zaudete lasai. Ez noa hortik.

Linguistikoa da kontua. Pentsaketan hasi naiz, nik beti sexuaz gozatzeko gogoa esango nukeela, ez nukeela testuan aurkitu dudan ordena horretan esango. Eta ez nauela betetzen azken aldian sumatu dudan joera horrek, aditza albait aurreratzeko irizpidearen haritik zernahi-nolanahi aurreratze horrek, sintagma-buru guztiak osagarriaren aurretik emate horrek... Ohartxoa baino ez da, e!

Izan ere, begira: erraz komunikatzearen mesedetan egiten den aukera da (hitz) gakoak aurreratze hori, ezta? Alegia, gogo da hor burua, eta hari itsatsirik doa osagarria. Baina..., haria hainbat modutan harilkatzen da testuetan ere, eta korapiloa zerk sortzen duen ere ezin da hain erraz epaitu beti: osagarriak eramaten du gakora errazenik behin baino gehiagotan... Adibide argiagorik nekez aurki liteke, gainera, esku artean dugun hau baino: zerk egiten du tira gehiago, gogo hitzak ala sexu hitzak? Zerk bultzatzen du gehiago aurrera?

Gogoa, gozatzeko gogoa, hurrenkera horretan da niretzat eraginkorrena. Ez baitira gauza bera, nire iritzian, 'Gozatzeko gogoa' Googlen eta Googlen gozatzeko gogoa.

Go-rrin-go samarra izaki ni!

Go!

(=Jo?)

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

27 Mayo 2005

Zenbat gara?

Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi? Zer egiten dugu? Zer egingo dugu? Zein itxura gustatzen zaizue gehien, orain arte erabili ditudanetatik? Konturatuko zineten hainbat aldiz aldatu dudala. Aurrekoak iraun dit gehien. Polita iruditzen zait hura, baina gaur berriz ere aldatzeko gogoa izan dut; ez dakit, pixka bat soilagoa baina argiagoa dela uste dut hau.

Zuei ari natzaizue, Gatzola eta Extari. Zuek tarteka kasu egiten didazuela, horixe baino ez dakit. Joxe Aranzabalek ere kiku bat egin zuen; ez dakit geroztik ibili den. Gainerakoan, nik lagunen sailean jarritako Conflicto blogaren egileak ere jarriak gaitu berean, eta ez dakit handik hona beste inor agertu ote den.

Tresna polita da oso esku artean dugun hau. Denborapasa ederra ere bai, onerako eta txarrerako. Nik, esan nuen bezala, probatxoa egiteko tentazioa izan nuen, eta hasteak berak gero nola-hala jarraitzera behartu nau. Orain arte behintzat.

Hemendik aitzina? Ez dakit. Bakarren batek zuzenean postaz idatzi nahi badit, igorringo abildua xasamail puntu comera idatz dezake (eta uste dut orduan ez nukeela eragozpenik izango nor naizen esateko...). Zuen berrien zain, beraz. Asteburu on!

Zeozer berri ekartzeko, argazki-asmakizun erraz bat jarriko dizuet. Horren egilea bai, ni neu naiz. Ez da beste munduko gauza, baina nik egindako txarrena behintzat ez da eta...

servido por igorringo 6 comentarios compártelo


Sobre mí

Zuen (noren?) baimenarekin, ez dut nire izena agertuko, eta Igorringo edo Igor Ingo ezizena erabiliko dut. Emango ditudan gainerako datuak, hori bai, egiazkoak dira. Gizonezkoa naiz, nafarra sortzez, eta 40ak duela pare bat urte jo nituen. Hizkuntza dut lanbide, eta zaletasun ere bai, beste batzuekin batera noski. Zerbait itxurazko idazten badut, eta inork zerbait erantzuten badu, izango dugu elkarren berri. (Irudia: Michal Batory, 2004).

Fotos

igorringo todavía no ha subido ninguna foto.

¡Anímale a hacerlo!

Buscar

suscríbete

Selecciona el agregador que utilices para suscribirte a este blog (también puedes obtener la URL de los feeds):

¿Qué es esto?

Crea tu blog gratis en La Coctelera