Categoría: Literatura
15 Junio 2005
Zorionak eman dizkio Gatzolak Asierri (ikus Gorringoak testuko komentarioak) txori-izenen bidez ezagutzeko zoria eta jakinduria izan duelako. Txoriburu ez baizik txori-liburu agertu zaizkigu biak, eta niri gauza bat ekarri didate gogora.
Berriz ere armiarma.com gunera jorik, hango Euskal poesiaren ataritik bertso ezagun batzuk hartu ditut, Pedro Mari Otañorenak. Jakinak izango dituzue, baina niri behintzat ez dit kalterik egiten berriz ikusteak. Bost bertsoko sailetik bigarrena eta hirugarrena dira.
Zer txoriri buruz ari da Otaño? Asmatzen ez duenak, edo bost bertsoak ikusi nahi dituenak, aipatutako orrira jo dezala, XIX. mendekoetara, eta hantxe aurkituko du erantzuna.
...
-2-
Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera,
gaztain kolore bakarrekoa, nahi bada ez da ederra;
begi argiak, buru xanpala, moko ttenttea aurrera,
gorputza motxa, hanka laburrak, xaltokako ibilera,
xalapartako hegalaria eta kantari ergela.
-3-
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
...
"Hiru-lau aldiz xanpatzen du, seguru ote dagoen"... Guk errazago egiten dugu salto sarera, zenbaitetan behin ere aurrez xanpatu gabe...
Eta norbaitek ombu gainera salto egin nahi badu, Otañorenean du horretarako ere aukera. Polita sail hori ere.
servido por igorringo
1 comentario
compártelo
9 Junio 2005
Julio Cortazaren hamar ipuin itzuli eta Ipuin apetatsuak liburuan bildu ditu Jon Alonso idazle iruindarrak. Txalaparta argitaletxeak plazaratu berri-berria du lana. Jon Alonsok sarreran dioenez, Cortazarren ipuinetatik hamar hauek hautatzeko irizpide nagusia bere gustukoak izatea da, eta ikastaroetan berak erabiliak edo aipatuak izatea.
Orain arte, euskaraz irakur zitezkeen Cortazarren lanak Oktaedroa eta Hegoaldeko autopista ziren, biak Gerardo Markuletak itzuliak.
Hona hemen Ipuin apetatsuak liburuko lehen ipuina: Etxe hartua. Jatorrizkoa, Casa tomada, 1951ean argitaratu zuen Cortazarrek, Bestiario bilduman.
ETXE HARTUA
Etxea maite genuen, handia eta antzinakoa izateaz aparte (gaur, antzinako etxeak jausten direnean, beren materialak saltzea onuragarriagoa denez), gure birraiton-birramonen, aitaren aldeko aitonaren, gure gurasoen eta haurtzaro guztiaren oroitzapena gordetzen zituelako.
Irene eta biok ohitu ginen bertan bakarrik irauten, eta hori erokeria hutsa zen, etxe hartan zortzi pertsona bizi zitezkeelako elkarri traba egin gabe. Garbiketa goizean egiten genuen, zazpietan jaikitzen ginelako, eta hamaikak irian uzten nizkion azken gelak Ireneri, errepasatzeko, eta sukaldera joaten nintzen. Eguerdian bazkaltzen genuen, beti puntual; ordurako ez zegoen ezer egiteko, plater zikin gutxi batzuk garbitzea ez bazen. Atsegin egiten zitzaigun bazkaltzea etxe sakon eta isila gure gogoan, eta nola moldatzen ginen garbirik edukitzeko pentsatzen genuela. Batzuetan etxeak galarazi zigula ezkontza uste izatera iritsi ginen. Irenek bi senargai uxatu zituen arrazoi handirik gabe, niri Maria Esther hil zitzaidan elkarrekikoa finko egin baino lehenago. Berrogeietan sartu ginen inoiz adierazi gabeko ideia batekin, alegia, gurea, anai-arreben arteko ezkontza moduko hura, birraiton-birramonek gure etxean finkatu zuten genealogiaren bukaera beharrezkoa zelako ideiarekin. Egunen batean han hilko ginen, etxea lehengusu lauso eta muker batzuen eskuetara iritsiko zen, horiek lurrera abailduko zuten lur sail eta adreiluekin aberasteko; edo hobeto, guk geuk irauliko genuen justizieroki beranduegi baino lehen.
Irene inori traba ez egiteko jaiotako neska zen. Goizeko egitekoak eginda, egunaren gainontzekoa puntua egiten pasatzen zuen, bere logelako besaulkian. Ez dakit zergatik jarduten zuen hainbeste denbora puntua egiten, nik uste dut emakumezkoek puntua egiten dutela lanbide horri esker deus ez egiteko aitzakia aurkitzen dutelako. Irene ez zen horrelakoa, beti gauza beharrezkoak ehuntzen zituen, negurako puntuzko prendak, galtzerdiak niretzat, berarentzat mañanitak eta txalekoak. Batzuetan txaleko bat ehuntzen zuen eta gero ostera desegiten zuen zerbait ez zitzaiolako gustatzen; irrigarria gertatzen zen artile kizkurrezko pila saskitxoan ikustea, hainbat ordutan izandako forma galtzeari aurka eginez. Larunbatean neu joaten nintzen hiri erdira artilea erostera; Irene konforme zegoen nire gustuarekin, aukeratutako koloreak gustukoak zituen, behin ere ez nuen artile-matazarik itzuli behar izan. Nik ateraldi horiek profitatzen nituen liburu dendetatik bueltatxoa emateko eta literatura frantseseko nobedaderik ba ote zegoen alferrik galdetzeko. 1939. urteaz geroztik ez zen deus baliodunik iristen Argentinara.
Baina etxeaz mintzatu nahi dut, eta Irenez, nik ez dudalako garrantzirik. Neure buruari galdetzen diot zer egingo zukeen Irenek puntua egin izan ez balu. Batek berrirakur dezake liburu bat, baina jertse bat bukatu denean, ezin da berriz egin errepikapena eskandaluzkoa gertatu gabe. Egun batez ikusi nuen kanforrezko komodako azpiko tiradera lepoko zuriz, berdez eta lilaz beteta zegoela. Naftalinarekin zeuden, mertzeria batean bezala pilatuta; ez nuen adorerik izan Ireneri galdetzeko haiekin zer egin gogo zuen. Ez genuen bizimodua irabazi behar, hilero iristen zen alorretako sosa, eta dirua emendatzen zen. Baina Irene puntua egiteak baizik ez zuen entretenitzen, iaiotasun zoragarria zeukan, eta niri orduak joaten zitzaizkidan triku zilarreztatuak bezalakoak ziren bere eskuak, joan-etorrian zebiltzan galtzorratzak eta zoru gaineko saskitxoak ikusten, non matazak etengabe astintzen baitziren. Ederra zen.
Nola ez naiz gogoratuko etxeko banaketaz. Jangela, gobelinodun aretoa, liburutegia eta hiru logela handi alderdi erretiratuenean zeuden, Rodriguez Peñari begira dagoenean. Pasabide batek eta bere haritz trinkozko ateak bereizten zuten alderdi hori aurreko alderditik, non komuna, sukaldea, gure logelak eta erdiko egongela baitziren. Logelek eta pasabideak egongelara ematen zuten. Etxera maiolikazko ezkaratz batetik sartzen zen, eta kantzel-ateak egongelara ematen zuen. Beraz, bat ezkaratzetik sartzen zen, kantzel-atea ireki eta egongelara pasatzen zen; albo banatan gure logeletako ateak zeuden, eta aurrean alderdi erretiratuenera ematen zuen pasabidea; pasabidetik aurrera eginda, haritzezko atea zeharkatu eta etxearen beste alderdia hasten zen, edo bestela bazegoen haritzezko atea baino lehen ezkaratzera hartu eta sukaldera eta komunera zeraman pasabide estuago batetik segitzea. Atea irekita zegoenean bat ohartzen zen etxea oso handia zela; bestela, orain eraikitzen den apartamentu horietakoa zirudien, kasik mugitzeko tokirik ez duena; Irene eta biok etxearen alderdi honetan bizi ginen, ia inoiz ez ginen haritzezko ateaz beste aldera joaten, garbiketa egiteko ez bazen, ezin sinesteko modukoa baita altzariek hautsa nola biltzen duten. Buenos Aires hiri garbia baldin bada, bere biztanleei zor die, eta ez beste ezeri. Airean lur gehiegi dago, aire bolada bat nahikoa da hautsa aurkitzeko kontsoletako marmoletan eta makrame-karpeten erronboen artean; luma-eskuilaz ateratzea nekeza da, hegan egiten du eta airean eskegita geratzen da, eta handik gutxira berriz pausatu da altzarietan eta pianoetan.
Garbi gogoratuko dut beti, sinplea eta alferreko inguruabarrik gabe izan zelako. Irene bere logelan zegoen puntua egiten, gaueko zortziak ziren eta bat-batean otu zitzaidan mate-ontzia sutan jartzea. Pasabidetik joan nintzen haritzezko ate erdi-irekiaren aurreraino, eta sukaldera doan bihurgunea hartzen ari nintzen jangelan edo liburutegian hots bat entzun nuenean. Soinua sor eta zehaztugabea izan zen, aulki bat erortzean ateratzen denean bezala, edo elkarrizketa bateko marmar ito bat bezala. Une berean edo segundo bat geroago berriz entzun nuen, gela haietatik aterantz zetorren pasabidearen barrenean. Atearen kontra oldartu nintzen beranduegi baino lehen, kolpean itxiz, gorputza bere kontra bermatuz; zorionez, giltza gure aldetik zegoen jarrita, eta gainera morroilo handia itxi nuen segurtasun handiagoa edukitzeko.
Sukaldera joan nintzen, ontzia berotu nuen, eta mate-erretiluarekin itzuli nintzenean zera esan nion Ireneri:
—Pasabideko atea itxi behar izan dut. Barreneko aldea hartu dute.
Ehuna erortzen utzi zuen eta bere begi sakon eta nekatuekin begiratu zidan.
—Ziur zaude?
Baietz egin nuen.
—Orduan —esan zuen galtzorratzak biltzen zituen artean— alde honetan bizi beharko dugu.
Ni artaz ari nintzen matea prestatzen, baina bera berandutu egin zen apur bat lanari berriz ekin baino lehen. Gogoan dut txaleko gris bat egiten ari zela; niri gustatzen zitzaidan txaleko hura.
Lehen egunetan ernegatuta ibili ginen alde hartuan biok utzi genituelako maite genituen gauza asko. Literatura frantseseko liburuak, esaterako, guztiak liburutegian zeuden. Irenek karpeta batzuen falta sentitzen zuen, baita neguan asko berotzen zuten txapinena ere. Berdin nik ipuruzko pipa, eta uste dut Irenek gogoan zerabilela urte askotako Hesperidina botila. Maiz (baina hau lehen egunetan gertatu zen bakarrik) komodetako tiraderaren bat itxi eta elkarri begiratzen genion, triste.
—Ez dago hemen.
Eta etxearen beste aldean galdutako guztiaren beste zerbait zen.
Baina abantailak ere eduki genituen. Garbiketa hainbeste erraztu zen non oso berandu jaikita ere, bederatzi eta erdietan esaterako, hamaikak baino lehen besoa besoaren gainean baikeunden. Irene ohitu zen sukaldera nirekin joaten eta bazkaria prestatzen laguntzen. Ongi pentsatu eta hauxe erabaki genuen: nik bazkaria prestatzen nuen bitartean, Irenek platerak prestatuko zituen, gauez hotz jateko. Poztu ginen, beti delako pixka bat gogaikarria arratsaldean logelak hustu behar izatea sukaldean aritzeko. Orain nahikoa genuen Ireneren logelako mahaiarekin eta fianbre fuentekadarekin.
Irene pozik zegoen puntu egiteko denbora gehiago ateratzen zuelako. Ni apur bat galduta nenbilen liburuak zirela-eta, baina nire arreba ez atsekabetzearren aita zenaren zigilu-bilduma aztertzen hasi nintzen, eta horrek lagundu zidan denbora pasatzen. Dibertitu egiten ginen, nor bere gauzekin, ia beti Ireneren logelan bildurik, erosoagoa baita. Batzuetan Irenek hauxe esaten zuen:
—Begira bururatu zaidan puntu hau. Ez al du hirusta-itxurako marrazkia egiten?
Handik pixka batera neu nintzen paper-laukitxo bat begien aurrean ipintzen niona, Eupen eta Malmedyren zigiluren baten meritua ikus zezan. Ongi geunden, eta poliki-poliki pentsatu gabe bizitzen hasi ginen. Badago pentsatu gabe bizitzea.
(Irenek ozenki amesten zuenean nik berehala galtzen nuen loa. Ez nintzen inoiz ohitu ahal izan estatuaren edo papagaiaren ahots horrekin, ametsetatik baitator, eta ez eztarritik. Irenek zioen nire ametsak astindu gogorrak zirela, inoiz manta erorarazten zutenak. Gure logelen artean egongela zegoen, baina gauez edozer entzuten zen etxe hartan. Arnasa hartzen entzuten genuen elkar, eztula egiten, aurreikusten genuen mesanotxeko lanpararen etengailuaren bila egindako keinua, edo elkarren lo galdu ugari.
Horretaz aparte etxean dena zegoen isil. Egunez zurrumurru domestikoak ziren, puntua egiteko galtzorratzen igurtzi metalikoa, karraskatxoa album filatelikoko orriak pasatzerakoan. Haritzezko atea, uste dut esan dudala, trinkoa zen. Sukaldean edo komunean, alde hartuarekin mugan geratzen zirenez, altuago mintzatzen ginen edo bestela Irenek sehaska-kantak abesten zituen. Sukalde batean beirak eta lozak nahiko zarata egiten dute beste edozein soinu sartzea galarazteko. Han ez genion isiltasunari tokirik uzten, baina logeletara eta egongelara itzultzen ginenean, orduan etxea mutu eta argi-ilunean jartzen zen, eta are polikiago egiten genuen urratsa elkarri eragozpenik ez egiteko. Nik uste dut horregatik gertatzen zitzaidala gauez, Irene ozenki amets egiten hasten zenean, berehala bizkortzen nintzela).
Ia gauza bera errepikatzea da, salbu eta ondorioetan. Gauez egarriak egoten naiz, eta ohera baino lehen Ireneri esan nion sukaldera nindoala baso bat ur hartzera. Logelako atetik (bera puntua egiten ari zen) sukaldeko hotsa entzun nuen; agian sukaldean edo agian komunean, ez zegoen jakiterik, pasabideko ukondoak zarata apaltzen baitzuen. Irene konturatu zen bat-batean gelditu nintzela, eta nire ondora etorri zen fitsik esan gabe. Hotsa entzuten geratu ginen, eta argi aski nabarmendu zen haritzezko ateaz honatagokoak zirela, sukaldean edo komunean, edo pasabidean bertan, ukondoa hasten den tokian, gure ondoan ia.
Ez genion elkarri begiratu ere egin. Ireneren besoa estutu nuen eta lasterka eginarazi nion nire ondoan kantzel-ateraino, atzera egin gabe. Zaratak handiagoak ziren, baina beti sorrak, eta gure bizkarrean. Atea kolpez itxi eta ezkaratzean geratu ginen. Han ez zen ezer entzuten.
—Alde hau ere hartu dute —esan zuen Irenek. Puntu-lana bere eskuetatik zintzilik zegoen, eta hariak ateraino iristen ziren, kantzel-atearen azpitik galduz. Matazak beste aldean geratu zirela ikusi zuenean bere puntu-lana askatu zuen begiratu ere egin gabe.
—Zerbait hartzeko astirik izan duzu? —galdetu nion, alferrik.
—Ez. Deus ez.
Soinean geneukanarekin geunden. Gogoratu nintzen nire logelako armairuan zeuden hamabost mila pesoez. Orain berandu zen.
Eskumuturreko erlojua oraindik nirekin banuenez, gaueko hamaikak zirela ikusi nuen. Nire besoaz Ireneren gerria inguratu nuen (negarrez ari zen, nik uste) eta kalera irten ginen. Urrundu baino lehen errukitu nintzen, sarrerako atea ondo itxi eta giltza estoldara bota nuen. Ez zedin gizajoren bat, lapurtu nahian edo, etxean sar, ordu hartan eta etxea hartuta egonda.
(Julio Cortazar. Itzultzailea: Jon Alonso, 2005)
servido por igorringo
sin comentarios
compártelo
4 Junio 2005
Gaur, bigarren aldiz, bertso batzuk dakartzat. Entzun ere egin ditzakezue, gainera, Bertsozale Elkartearen webgunean. Aitor Mendiluzek 2003ko Gipuzkoako Bertso Txapelketan kantatuak dira, Eskoriatzako finalerdian (2003-11-16).
Zuek ikusi zer egin nahi duzuen lehenago: irakurri edo entzun. Nik, dudarik gabe, entzutea gomendatzen dizuet, kantatutako unea berritzeko modurik hurbilena hori delako, eta erritmoaz, doinuaz eta kantaeraz gozatzeko aukera ematen duelako. Sar zaitezte www.bertsozale.com/gipuzkoa2003/txapelketa.htm orrian, Dokumentuak atalean final-erdiak hautatu, eta hor Audioa sailean bilatu (Tolosakoak, Zarauzkoak eta Eskoriatzakoak datoz).
Bertso hauei buruz asko esan daitekeela uste dut, baina oraingoz testuari eman diodan izenburuaren zergatikoa aipatu besterik ez dut egingo. Hirugarren bertsoaren (bertsoaldi osoaren) amaiera da hunkigarriena, seguruenik, alde batera utzita zenbateraino den efektu erraz samarra bilatzea (horretan ere zalantzak ditut nik, benetako zirrara sentitu bainuen une hartan: gutxi aski nik?). Hala ere, bigarren bertsoaren amaiera eraman dut titulura. Erraza ematen du, baina indar ikaragarria du niretzat; besteak beste, guk hain maite dugun hitzaren ahalmena ekartzen duelako hizpidera, komunikazio premia. Entzun, entzun, ea zer diozuen.
Aitor Mendiluze. Gaia: Amaren armairuan zenbiltzala, koñak-botila erdi-huts bat aurkitu duzu arropa artean ezkutatuta. (Bertsolariak aukeratutako doinua: Txikitatikan edukia dut, zazpi puntukoa).
-1-
Larunbata da, ta garbiketa
egiten degun eguna.
Amaren gela utzi nahi nuke
dotore eta txukuna.
Armarioan hasi naiz eta,
zer da hemen daukaguna?
Likore marroi iluna,
amarentzako kuttuna.
Inoiz ez nuen pentsatu, baina
seguru nago hau duna
gauetan entzun izan ditudan
negar tristeen laguna. (bis)
-2-
Ni saiatzen naiz egun argitan
nere indarra ematen,
baina badakit egoera hau
zaila dela eramaten,
hainbat urtetan maiteen falta
nola ari den jasaten:
alargundu zen noizbaiten,
ta barruan zerbait eten.
Geroztik gauak pasatzen ditu
negarrez eta edaten.
Baina goizetan zergatik ez dit
sekula ezer esaten? (bis)
-3-
Askotan nahia eta aukera
izaten ohi dira bana:
nahi luke baina poztu ezina
malko arten darama.
Nola hurbildu ote ninteke
laguntzeko beregana?;
nola kendu bere lana?,
ta nola arindu drama?
Gaur iluntzean joaten denean
hartzera hemen zeukana,
nere nota bat aurkituko du:
"Asko maite zaitut, ama". (bis)
servido por igorringo
8 comentarios
compártelo
2 Junio 2005
Ez naiz ni mintzo, ez (ohartuta egongo zarete): Iñaki Segurola da, argitara berri duen saiakeran (Alberdania, 2005).
Zatitxo batzuk bakarrik irakurri ditut oraindik, eta behin Zestoako bainuetxean hartu nuen zurrusta-masajea ekarri dit gogora: hori da hori hitz-zurrusta, gogoeta-zurrusta, gihar eta neurona guztiak dantzan jartzeko modukoa! Aldika zakar samar jorik ere, osasungarria, dudarik gabe. Zuei ere gustatuko zaizuelakoan nago. Hau da azken testua:
EGURALDIAZ: ZERTAZ BESTELA? Bizi erdia euskarazko testuei begira daraman honek deklaratzen du ezen joan deneko urte mordoan euskaraz irakurri duen esaldirik politena, edo ederrena, edo onena, edo gustagarriena... edo ez dakit ze hitzekin esan, honako hauxe dela: "Kosta laino txepel batzuk agertuko dira, nora mugitu asmatu ezinik". □□ Esaldia —merezi du aitorpen publiko bat— Joxe Landarena da, eta Egin egunkarian agertu zen 1998ko San Juan bezperan; egun seinalatu horretan egin behar zuen eguraldiaren iragarpena zen, eta ez naiz oroitzen laino txepelik agertu ote zen kostatik eta ezta asmatu ezinaren nagiak uxatu eta azkenerako norabait mugitzen asmatu zuten ere. Horixe da gutxiena. Axola duena da Joxe Landak ez duela literaturarik egiten, ez duela idazten idazten dutenek idazten duten bezala, eta hala eginen balu, nekez aterako litzaioke horrelako alerik, gainera. Hamar hitz horien (eta batik bat azken lauen) aparteko grazia sano hori beste iturri batetik dator, beheragoko maila batetik, hau da, barrenagotik: erdara (eta kultura) gutxiko jende argiaren mintzotik; hizkuntzaren egile bezainbat desegile direnen ganbara ezin hustuzkotik.
Horren segida-segidan, liburuari izenburua ematen dion esaldiaren azalpena dator, burutzeko:
Eguraldiari begira bizi gara, denboraren tximistatik ihesi. Hartara lerratzen zaigu mihia gutxiena uste dugunean. Eguraldia eta bizi-beharra elkarrekin lotuak ageri zaizkigu baserriko berri batere ez dakigunoi ere, eta arrazoia da eguraldi narratxa, eguraldi muxiña, edo ustela, edo zaztarra egiten duela beti hiltzeko, grazia gutxiko eguraldia beti; ona bai noiz edo noiz, baina eder sano zoragarririk ez sekula. Badaki hiltzeko hotzak egiten neguan, baina hiltzeko girorik ez du egundo egiten, ez da ezagutu holakorik eguzkiaren azpian. Aitzakiarik gabeko eguraldiak ere ez daki hiltzeko arrazoirik ematen. Egongiro egongo da, edo sutondo giro, edo ibilgiro, baina hilgiro ez, zerraldo girorik ez, mundua mundu hau denetik. Horregatik bizi gara eguraldiari begira, eguraldiaren eta bizi-beharraren hotz-beroen azpian. Gaur-ere-ezka. Eta eguraldirik gabeko ametsetan bakarrik ibiltzen gara herio garbiz; huraxe da oroitzeko moduko heriotza bakarra. □□ Joxe Landaren graziaren laurdenik ere gabe, hementxe doa nire iragarpena, nahi zenukeen aldi oro (liburua zabaltzen lanik hartu gabe gainera) irakur baitzenezake: □□ Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo.
servido por igorringo
5 comentarios
compártelo
26 Mayo 2005
Anitz bertso eta kanta ezagun baditu Fernando Aire Xalbador bertsolari urepeldarrak (1920-1976). Ezagunak, bai bertsolari edo bertsozaleei esker, bai abeslariei esker. Hona adibide batzuk:
- Herria eta hizkuntza (Mikel Laboa)
- Esperantzarik gabeko amodioa (Txomin Artola)
- Primaderari (Erramun Martikorena)
Bestalde, Xalbador bera kantugai bihurtu zuen Xabier Lete olerkari eta kantariak Xalbadorren heriotzean abesti hunkigarrian (Urepeleko artzaina izenez ezagunagoa, beharbada).
Nik, hemen, hain ezaguna ez den Xalbadorren bertso-sorta batetik nahi nuke pare bat aldatu. Berriz argitaratu duten Odolaren mintzoa liburutik hartu dut (Auspoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004).
Semeari paratuak dira bertsook, Mixel semeari. Ameriketan zen Mixel, baina ustez laster itzuli eta etxean plantatzekoa. Halako batean, ordea, kezka sortu zitzaion aitari, ikusten denez, etorrera gibelatzen ari zela eta. Honela diotso:
(...)
-7-
Lau haurridetarikan hi haiz hautatua
etxeko nagusitzan hik daukak eskua;
denek utzia ditek hiretzat lekua;
kontsidera dezakan jina duk ordua
hemengo lemazaintzat hihauren burua.
(...)
-10-
Bainan ez nikek nahi, o seme maitea,
desafia dezakan kontraka haizea:
sort etxearen karga bortxarat hartzea;
hobe baituk hi baino etxea galtzea,
nahiz tristea izan gure zahartzea.
(...)
Iruzkinak, zuen esku. Letek esandakoa gogoratu besterik ez dut nik egingo: "Adiskide bat bazen, orotan bihozbera, poesiaren hegoek, sentimentuzko bertsoek, antzaldatzen zutena." (Xabier Lete, Xalbadorren heriotzean).
servido por igorringo
1 comentario
compártelo
18 Mayo 2005
Amatxi zenari ikasia dut istorio hau, egundaino ahantzi ez dudana. Lapurdikoa da, ikusten denez, eta Jesus izena ere hango eran ahoskatu behar da (gainera, azentua lehenbiziko silaban emanik).
Ba omen zen mutiko bat, Bertran izenekoa, Jesus ezin erranarazi ziotena. Behin eta berriz saiatzen ziren, alferrik.
- Bertran, errazu Jesus.
Eta hark:
- Lehen erran zen.
Beti horrela. Halako batean, erran omen zioten:
- Bertran, zerramak kumeak egin ditu.
Orduan mutikoak:
- A, bai? Zenbat?
- Hogei hemeretzi guti.
- Jesus! Eta baditu horrenbertze titi?
Hala erdietsi zuten mutikoak Jesus erratea. Horrekin batera, beharbada, euskal matematika modernoari hastapena eman zitzaion.
servido por igorringo
5 comentarios
compártelo