Publicidad:
La Coctelera

Igorringo

Categoría: Hizkuntza

14 Junio 2005

Esaeren oihartzunak eta aldaerak

Jozulinek ideia emanik (ikus Esaera zabarrak, haren 2005eko maiatzeko artxiboan), zenbait esaera ezagunen aldaera edo oihartzunak bilatzen aritu naiz. Aldaeren kasuan, egitura berarekin beste esanahi bat bilatu dut; oihartzunen kasuan, nolabaiteko erantzuna (ironikoa, zenbaitetan, hala nola Gurasooi bost axola horretan). Ea gustatzen zaizuen nire ahalegina, eta zuek ere animatzen zareten. Jolasean-jolasean, gauza berriak ateratzen dira.

► (Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen.) Dabilen agintariari ez zaio egiarik lotzen.

► (Gezurra esan nuen Getarian, ni baino lehen zen atarian.) Gezurra esan nuen Itoitzen, herria bertantxe ito zen.

► (Adiskide onekin, orduak labur.) Internet sarean, orduak airean.

► (Umearen zentzuna, etxean entzuna.) Gurasooi bost axola, hor dago eskola.

► (Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.) Hurbileko antxoak hamalau, denak jan eta barau.

Hona hemen berriki aurkitu dudan esaera zerrenda bat. Asko eta asko ezagunak dira, baina bada besterik ere.

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

7 Junio 2005

Larrungo kapilaua

Testu bilduma zoragarria jarri digute eskura armiarma.com webgunean, Klasikoen gordailua atalean. Hango Testu zaharrak sailetik, bat hartu dut, Berako idazkariak apaizari idatzia 1786an. Bilduma honetara, Imanol Trebiñoren Administrazio zibileko testu historikoak (HAEE-IVAP, 2001) lanetik bildua da testu hau.

Argazkiaren beheko aldean, testu bera jarri dut gaurko ortografian, puntuaziozko aldaketa txiki batzuk besterik egin gabe (barkatu: kapilau jarri dut, eta ez kaperau, hala dakarrelako Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak). Argazkian (Igor Ingok egina da), Larrun mendia eta Kaule Baita baserria, Berakoa.

Berako idazkariaren komunikazioa Larrun mendiko kapilau postuaz (1786)

Vera y mayo de 1786

Jaun Apeza. Errecivitu nuen pontutic, eguin nien presente zure orezco letra, erenegun eguina, gure Alcate et juratuei, ceinetan erraiten baituçu, causi ditezela capera ortan, hil onen 16n, eta uriya bada, 17 an zure capilantasunaren escritura eguitera, vada ortaracotz abisatuac direla Berce iru erriaq eta manatzen naute, zuri erraiteco, nola eztiren causitzen estatuban, capera orretara igaiteco, eta Badaquizula gure comunitateac ongui causitu duela zu capilan, izaitea, plazer duzun Demboraraino, eta presentian causitzen direla sentimendu Berean, eta concurrituco dugula, gure pagamendu partiarequin, orainderaino eguin darotzagun bezala, eta Baldin Plazer Badute, Urruñaco, Saraco, eta Azcaingo Jaunac, eguin zuri, escritura, ongui causituco duela gure comunitateac, eta eztugula oposaric deusetan ere eguinen, Bada Yaun-oriec eguiten duten gucia, artuco dugu on-zat, eta Yracurtzen diotezula letra unen contenimendua, guelditzen da, gure comunitatea, eta particularqui, zure, eta Jaun horien gucien zervitzari humila.

Bera, 1786ko maiatza

Jaun Apeza. Errezibitu nuen puntutik, egin nien presente zure ohorezko letra, herenegun egina, gure Alkate et juratuei, zeinetan erraiten baituzu, kausi daitezela kapera horretan, hil honen 16an, eta euria bada 17an, zure kapilantasunaren eskritura egitera, bada horretarakotz abisatuak direla bertze hiru herriak. Eta manatzen naute, zuri erraiteko, nola ez diren kausitzen estatuan, kapera horretara igaiteko, eta badakizula gure komunitateak ongi kausitu duela zu kapilan izaitea, plazer duzun denboraraino, eta presentean kausitzen direla sentimendu berean, eta konkurrituko dugula, gure pagamendu partearekin, orainderaino egin darotzagun bezala, eta baldin plazer badute Urruñako, Sarako eta Azkaingo jaunak egin zuri eskritura, ongi kausituko duela gure komunitateak, eta ez dugula oposarik deusetan ere eginen, bada jaun horiek egiten duten guzia, hartuko dugu ontzat. Eta irakurtzen diotezula letra honen kontenimendua, gelditzen da, gure komunitatea, eta partikularki, zure, eta jaun horien guzien zerbitzari umila.

servido por igorringo sin comentarios compártelo

31 Mayo 2005

Gozatzeko gogoa

Probatxo bat egin dut Google bilagailuarekin: gozatzeko gogoa zenbat aldiz aurkitzen ote duen. Emaitza, oso laburra, eta motza (bizk.): sei agerpen baino ez. Itxaron, itxaron... Jakina! Gaizki egin dut, adjektibodunak ere bilatu beharko ditut, hau da, gozatzeko gogo solik jarri beharko dut kakotx artean... Bai zera! Beste bat baino ez. Zazpi bider ageri da Interneteko euskal testuetan go-goa, gozatzeko gogoa. Zazpi aldiz bakarrik. Zerbaiten adierazgarri?

Zer? Zorongo honi zer aldikada bitxik eman ote dio gaur halako ikerketa zozo-linguistikoetan hasteko? Kukuak oker jo ote dio?

Aski erraza da. Blogari estimatu baten testuan gogoa sexuaz gozatzeko irakurri dut, eta hortik hasi da dena. Arraioa! "Go-gorra da gero, honek go-oglera jotzen (go-tzen?) du (go-goa) go-ititzen zaionean!", esango du zuetakoren batek... Ez, ez... Zaudete lasai. Ez noa hortik.

Linguistikoa da kontua. Pentsaketan hasi naiz, nik beti sexuaz gozatzeko gogoa esango nukeela, ez nukeela testuan aurkitu dudan ordena horretan esango. Eta ez nauela betetzen azken aldian sumatu dudan joera horrek, aditza albait aurreratzeko irizpidearen haritik zernahi-nolanahi aurreratze horrek, sintagma-buru guztiak osagarriaren aurretik emate horrek... Ohartxoa baino ez da, e!

Izan ere, begira: erraz komunikatzearen mesedetan egiten den aukera da (hitz) gakoak aurreratze hori, ezta? Alegia, gogo da hor burua, eta hari itsatsirik doa osagarria. Baina..., haria hainbat modutan harilkatzen da testuetan ere, eta korapiloa zerk sortzen duen ere ezin da hain erraz epaitu beti: osagarriak eramaten du gakora errazenik behin baino gehiagotan... Adibide argiagorik nekez aurki liteke, gainera, esku artean dugun hau baino: zerk egiten du tira gehiago, gogo hitzak ala sexu hitzak? Zerk bultzatzen du gehiago aurrera?

Gogoa, gozatzeko gogoa, hurrenkera horretan da niretzat eraginkorrena. Ez baitira gauza bera, nire iritzian, 'Gozatzeko gogoa' Googlen eta Googlen gozatzeko gogoa.

Go-rrin-go samarra izaki ni!

Go!

(=Jo?)

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

20 Mayo 2005

Gorringoak

Denok dakigu zer den gorringoa, baina hala ere oso hitz ederra da niretzat.

Batetik, arrautza-gorringoa dugu, jakina; zuringoa ez dena, alegia.

Bestetik, perretxiko preziatua. Niretzat, inon denik eta politena. Eta, harrapatzen hain zaila izanik, ia mirarizkoa. Nik behintzat behin edo bitan bakarrik izan dut halako plazera. Izen zientifikoa amanita caesarea du. Hemendik atera dut irudia:
http://www.grn.es/amjc/bolets/acaesar2.htm

Lehenbiziko adieraren haritik, Intza proiektuaren webgunean ('Euskal lokuzioak sarean'), honako esapide hau ageri da:

gorringo biko pare bana ukan. Azalpena: ausarta izan. Adibideak: Aizkolariyak ere Euskal-errikuak dira dituztenak pare bana gorringo bikuak. Nondik: MUGERTZA, E. "Mendaro Txirristaka" (Bertsolaria, 1874-1955). A. Zavala / Mendaro Txirristaka. Kontzeptuak: ausardia. Gazteleraz: tener un par de pelotas.

Interesgarria iruditzen zait esapidea zabaltzea; ezagutaraztea, eta adieran ere zabal hartzea. Izan ere, nola esaten diozue zuek, neska bati, mutil bati hik dauzkak koskabiloak! (edo halako zerbait) esango zenioketena? Nik ez dut jakin oraintxe arte, baina argia egin zait: ez ote da aski egoki hik dauzkan gorringoak!

Gorringoa, beti, gauza ona. Horretan dudarik ez dago. Lehen baino ere ederragoa iruditzen zait hitza.

servido por igorringo 18 comentarios compártelo

18 Mayo 2005

Hogei hemeretzi guti

Amatxi zenari ikasia dut istorio hau, egundaino ahantzi ez dudana. Lapurdikoa da, ikusten denez, eta Jesus izena ere hango eran ahoskatu behar da (gainera, azentua lehenbiziko silaban emanik).

Ba omen zen mutiko bat, Bertran izenekoa, Jesus ezin erranarazi ziotena. Behin eta berriz saiatzen ziren, alferrik.

- Bertran, errazu Jesus.

Eta hark:

- Lehen erran zen.

Beti horrela. Halako batean, erran omen zioten:

- Bertran, zerramak kumeak egin ditu.

Orduan mutikoak:

- A, bai? Zenbat?

- Hogei hemeretzi guti.

- Jesus! Eta baditu horrenbertze titi?

Hala erdietsi zuten mutikoak Jesus erratea. Horrekin batera, beharbada, euskal matematika modernoari hastapena eman zitzaion.

servido por igorringo 5 comentarios compártelo

16 Mayo 2005

Zorongo artxoia

"Hi gorringo" esan nion neure buruari, eta "Hi, zorongo" esan dit Gatzolak (guti goiti-beheiti), nire agurrari erantzunez, gozo. Hala, zorongo zer den erakutsi dit/digu (nik behintzat ez nekien), eta altxirri ere bai (idem).

Ez dakit zergatik, gazte-hizkeraren inguruan berriki egindako jardunaldiak etorri zaizkit niri gogora (ez nintzen bertan izan), eta adierazkortasun-premia, eta...

Esango nuke, hain aspaldi ez dela, herriaren altxorretik erraz ateratzen genituela elkarri zirika aritzeko solasak, eta orain askoz nekezago ari garela horretan; goroldioa harturik ditugula halako harriak.

Zer eta artxoi hitza etorri zait oraintxe gogora. Norbait astokilo samarra bazen edo baldar samar moldatzen bazen, demonio artxoia, hi! esango genion igual. Uste nuen hiztegiren batean etorriko zela, baina ez. Nik ezagutzen ditudanetan, basta du hurbilena: mando edo astoari gainean karga eramateko jartzen zaion zurezko egitura.

Oraindik bagara artxoi batzuk...

servido por igorringo 2 comentarios compártelo

13 Mayo 2005

Se vende puntuación: puntuazioa salgai

Beheko loturan irakur dezakezuen testua, edukian egiazkoa baina forman txantxetakoa, aurreko Inuxente Egunean bidali nahi izan nien hainbat laguni, toki ezkutu batetik, baina ez ziztaidan ongi atera. Uste dut sistema informatikoak ere txantxetako gogoa zuela. Edo agian spam iritzi zion!

Jolas moduan egindako testu hura inork ikusi nahi badu, hementxe dago. Jolasteko ere bada hizkuntza, ezta?

Puntu-koma.txt

servido por igorringo 2 comentarios compártelo


Sobre mí

Zuen (noren?) baimenarekin, ez dut nire izena agertuko, eta Igorringo edo Igor Ingo ezizena erabiliko dut. Emango ditudan gainerako datuak, hori bai, egiazkoak dira. Gizonezkoa naiz, nafarra sortzez, eta 40ak duela pare bat urte jo nituen. Hizkuntza dut lanbide, eta zaletasun ere bai, beste batzuekin batera noski. Zerbait itxurazko idazten badut, eta inork zerbait erantzuten badu, izango dugu elkarren berri. (Irudia: Michal Batory, 2004).

Fotos

igorringo todavía no ha subido ninguna foto.

¡Anímale a hacerlo!

Buscar

suscríbete

Selecciona el agregador que utilices para suscribirte a este blog (también puedes obtener la URL de los feeds):

¿Qué es esto?

Crea tu blog gratis en La Coctelera